Gaztez betetako itsasontzia. Dantzan eta oihuka zebiltzan gazteak. Gintonic batekin eskuan, seguruenez. Xanpaina, bestela. Ibizan edo Saloun? Ez, Kontxako badian.
Munduko beste puntara joanda ere gerta daiteke. Irudipena izatea dena ezaguna dela. Lehenago ere egon zarela hor. Edo ez dakizula non zauden. Edonon egon zaitezkeela, alegia. Aireportuan hasten da sentipena: marmolezko korridore luzeak; duty-free-ko dendak; jatetxe hotz bezain garestiak. Eta hegazkinean jarraitzen du: maniki itxurako azafata-azafatoak; hankendako lekurik ez duten besaulkiak; plastikozko sandwichak. Eta iristen zara oporlekura. Munduko hiriren batera. Eta arropa-denda, jatetxe eta hotel kate berak aurkitzen dituzu. Hanburgesa prefabrikatuak. Pizza, kebab, wok. Eta Coca Cola.
Karibeko ur gardenetan egongo naiz. Igerian. Eta musika entzungo dut. Txunda-txunda. Gazteak itsasontzi batean. Dantzan eta oihuka. Eta Kontxako badiarekin gogoratuko naiz. Ongi etorri opor globalizatuetara!