Gizon bat mahaiz mahai, saltzen. Harrituta geratu ginen. Ez baitzen ohiko irudia. Hark ez zuen galtzerdi eta poltsarik saltzen. Ez erloju eta leporako zapirik. Ezta kleenexik ere. Ez zen Top Manta, eta ez zeukan Ocho apellidos vascos pelikularen kopiarik. Hori bai, lehen zortzi abizenak euskaldunak izango zituen. Eta hurrengo zortziak ere bai akaso. "Gaztarik nahi al dezue?". Idiazabalgo gazta saltzen zebilen. Txapela buruan zuela. Eta irribarrea ahoan.
Badakizue Mahomarena eta mendiarena. Ba horixe bera: jendea azokara ez baldin badoa, azoka joan behar jendearengana. Eta non dago jendea? Ba tabernan, kafetegietan. Parkean, dendetan... Nire lagun batek porruak erosi zituen aurrekoan, ile-apaindegian. Irunen. Bai, emakume bat sartu ei zen, baserritarra. Azokan sobratu zitzaizkion barazkiekin. "Merke-merke!", esanez. Baita dena saldu ere.
Sasoi bateko irudiak datozkit gogora. Esnedunak, arraindunak. Atez ate denetik saltzen zuten lehen. Tela, orraziak. Kondoiak ere bai, erdi ezkutuan. Saltzen-saltzen, txakur txiki baten, karamelua. Baliteke laster esaldi horrek berriz zentzua hartzea.