Espaloietako kaka. Jabea aurkitu, eta isuna jartzeko. Horretarako, txakurren ADN bankua sortzeko asmoa dute. Txakur jabeek txakurrekin joan beharko dute, izena ematera.
Lanpostu berriak sortzeko modu bat izan daiteke, krisi garai honetan. Zertan egiten duzu lana? Txakur kaken CSIn. Non eta Napolin! Legerik gabeko hirian. Han normala da kotxe txiki batean zazpi lagun joatea. Gerriko gabe, noski. Aurrean hiru, atzean lauzpabost. Eta zortzi-hamar urteko mutikoak motoan. Kale estuetan gora, ziztu bizian. Trafikoa kaotikoa da. Eta trafiko mota asko dago...
Hori bai, Napoliko alkatea kakarekin dago arduratuta. Kokoteraino. Eta ez zaio arrazoirik falta. Txakurren kaka batu egin behar da, jode! Baina horretara jarrita, zer gertatzen da pixarekin? Pertsonena, diot. Paretak erregatzea kirol nazionala baita. Kaka!, esaten dute etxe ondoan pixa errekak topatzen dituztenek. Pertsonen ADN bankua ere sortu beharko litzateke?
Hemen, momentuz, ez dute horrelako egitasmorik iragarri. Ez kakarekin, ez pixarekin. Eskerrak kaka zapaltzeak zorte ona ekartzen duen!