"Ez etxean geratu"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2013ko ira. 24a, 02:00

Azkenaldian sarri entzun dut irratian.

Iragarkiak, gutxi gorabehera, horrela dio: "Ez bazara etxean geratu ez elurra ari zuenean, ezta izotza egin zuenean ere, ezta frantsesek inbaditu gintuztenean ere... Orain etxean geratuko zara? Esan ezetz. Ez, ez, ez! Eta gehiago, jakinda X merkataritza-gunean ditugun prezioak" 

Deialdia egiten dute. Krisi garaian. Ez gaitezen etxean geratu. Zertarako? Kalera irten eta protesta egiteko? Ez. Diruari lotuta ez dauden plan originalak pentsatzeko? Ez, ez, ez. Merkataritza-gunera joan, pelikula komertzial bat ikusi eta izoztutako patata erreak jateko. Denok batera. Merke-merke. Frantsesek inbaditu gintuztenean bezalaxe. Berdin-berdin.

Asteazken arratsaldean horrelako merkataritza-gune batean egon nintzen. Lepo zegoen. Astegun buruzuria izanda ere. Han ez zegoen krisi usainik. Promoziorako Ni ez naiz inozoa leloa erabili izan duen dendan, esate baterako. Inozoa etxean gelditzen dena izango da, liburu bat irakurtzen. Jolasak asmatzen dituena, umeekin. Mendira doana, ogitartekoarekin. Arrautzak aldameneko baserritarrari erosten dizkiona, garestiagoak izan arren.

Frantsesek ez dakit, baina amerikarrek bai. Inbaditu egin gaituzte. Ia oharkabean. “Kontsumitzen dut, beraz banaiz”. Pentsatu? Zertarako pentsatu?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak