Zaila da hari horrekin soinekoa egitea, baina ez ezinezkoa. Behin eta berriro josi behar da. Han eta hemen egin behar zaizkio adabakiak. Haize leunenak ere urratu egin baitezake. Haria ikusten duenak soilik ikas dezake josten. Horregatik, asko gara sarriegi larrugorritan sentitzen garenak.
Ihes egiten digute. Egia esan, eguneroko zurrunbiloan ez dago joskintzarako asti larregi. Hariak katramilatu egiten dira. Soinekoa egin nahi, eta ez gara tangara ere iristen. Batzuek estresa deitzen diote. Momentu txiki horiek galtzen ari garela sentitzen dugu. Disfrutatzeko gaitasuna kamustu egin zaigula. Eta zoriontsu izatea da guk nahi duguna, ala? Behin biziko eta…
Batzuetan ur tanta batean itotzen gara. Beste batzuetan, ordea, ur tanta batean igeri egiten dugu. Hori egiten ere badakigu, bai. Eta opor sasoia oso aproposa da horretarako. Momentuan momentukoa bizitzeko. Urrutira joan beharrik gabe. Ahalegin handirik egin gabe. Ia ustekabean. Begirada aldatu egiten zaigu. Eta hari muturrak ikusten hasten gara. Edonon.