Harrikoa egiteko orduan, adibidez. Ala azterketetarako ikasi behar denean. Lehenbailehen egin, eta listo. Biharko uzten baduzu, berriz, segituan etorriko da sententzia: abixatu nizun.
Lanarekin lotzen dugu esaera hori. Betebehar astunekin beti. Eta presarekin. Ez utzi biharko. Geroa, alferraren leloa. Lanaren bertuteak goratzen dituen hainbat euskal esaera dago. Plazerari buruzkoak, berriz, urri. Eta negatiboak. Plazera ez dago ondo ikusita.
Ez utzi biharko eguzkia ezkutatzen ikustea. Eguraldi honekin, auskalo noiz ikusiko duzun berriz! Ez utzi biharko lagunekin berriketan jardutea. Bi ardorekin txispatzea. Gustuko zerbait jatea. Barre egitea. Umeen moduan jolastea. Berandu arte ohean egotea.
Lana eta plazera nahastea zergatik da txarra? Hori ere uste zabaldua da. Oscar Wilderen ustez, "lana zer eginik ez dutenen babeslekua da". Cantinflasek esana da: "Zerbait txarra izan behar du lanak, bestela honezkero aberatsek bereganatuko zuten". Zuk ikusiko duzu zer den gaur, biharko utzi gabe, egin dezakezuna. Abixatuta zaude.