Azalpenak ematen, larri. Edurne lankidea zen, Gasteiztik. Esanaz goizaldean Guardia Zibila sartu zela. Gasteizko egoitza prezintatu egin zutela. Itxi. Atxilotuak ere bazeuden. Une hartan Andoaingo egoitza miatzen ari ziren. Kolpera jaiki nintzen ohetik.
Mobila piztu. Amaren dei galduak. Deitu egin nion. "Zure jefia Pello da, ezta?". Bai. Politika sailean nenbilen. Pello zen arduraduna. "Ba detenidu egin dabe". Zer? Paranoia: eta nire bila badatoz? Ostia, ni pijaman! Ri-rau jantzi nintzen.
Andoainera. Ikaratuta. Hantxe zeuden lankideak, errepide ondoan. Pankarta batekin: Egunkaria aurrera. Atxilotua beste Pello bat zela jakin nuen, Zubiria. Guardia zibilek oilartuta alde egin zuten. Atean kandatu txiki bat ipini ostean. Ostiko batekin apurtzeko modukoa. Burla.
Egoera surrealista zen. Ezin genuen sinestu. Kalean geunden. Epailearen aginduz. Justiziaren izenean. Nori eskatu laguntza? Ertzainei? Inpotentzia. Amorrua. Gurekin nahi dutena egin dezakete. Euskaldunak garelako.
Sentipen hori ez da desagertu. Eta hamar urte pasatu dira iratzargailuan musika sintonizatu nuenetik.