"Plastilina"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2013ko urt. 21a, 16:00

Umetan, ura gara. Ura. Freskoa. Bat-batekoa.

Bere kasa doa, ezer inporta gabe. Inguruarekin ezaxola. Neurririk gabe. Harrapaezin. Dena alaitasun. Dena zipriztin.  

Nerabetan, plastilina gara. Plastilina. Moldakorra. Eta era berean moldakaitza. Zaila da plastilinari nahi dugun forma ematea. Eta koloreak nahastutakoan kaka kolorea ez ateratzea. Egin, desegiteko. Orain lotsatu egiten gara. Eta gero harrotu. Deseroso gaude toki guztietan. 

Heldu ahala, buztin bihurtzen gara sarri. Buztinak badu uretik. Eta malgua da, baina irmoa. Biguna da, baina gogortzen ere badaki. Goxoa da ukimenerako. Eta exijentea esku horiekin. Egoerara egokitzen da.

Zahartzen goazen neurrian, bada harri bilakatzeko joera ere. Harria gogorra da. Egoskorra. Hotza. Ez da mugitu zale. Eta ur tantei ere ez die sartzen uzten.

Denok dugu pixka bat bakoitzetik. Badira zahartzaroan ur direnak. Dena freskura. Eta ume-umetatik harri direnak ere bai. Petral arraioak. Batzuek ez diote egundo plastilina izateari uzten. Beti konformaezin. Eta nor ez da buztinezkoa? Ederki egokitzen gara bizitzak jartzen dizkigun moldeetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak