Asmatzea. Imajinatzea. Eta ematen du hori egiteko umea izan behar duzula. Ala artista, bestela. Gaztetxoa. Ala erretiratua. Zer egin seriorik ez duena, alegia. Izan ere, ez du etekinik ematen. Denbora galtzea ei da. Gainera, zer esango dute!
Sormena lantzea taldean, eta kalean. Hori da korto rallyetan egiten dena. Oñatin eta Eskoriatzan. Goizean gai bat ematen dizute, eta arratsaldean filma entregatu behar duzu. Bitartean, istorioa asmatu, grabatu eta muntatu. Elkarlanean. Denbora gutxian. Presaka. Ehundik gora lagun, herrian bueltaka. Erdi mozorrotuta, aldi berean sortzen. Eta primeran pasatzen. Egunean bertan ikusten da emaitza. Euforia kolektibo moduko batekin. Talde guztien kortoak. Denak diferenteak. Txarrena ere ona. Kristorena.
Antzerkia, muralak egitea... Formula asko egon daitezke. Baina kortoena ezagutzen dudan sormen maratoi onena da. Oñatiko rallya azaroaren 10ean da. Oraintxe duzu izena emateko aukera. Atera zure barruko umea. Nahi dutena esango dute, baina egin dezakegun gauzarik zentzuzkoena da.