Aspaldi hasi ziren iragarkiak. Ume gehienek eginda daukate zerrenda. Eskutitza bidalita. Edo e-maila.
Jostailu kate handi baten propaganda iritsi zitzaidan aurrekoan. Eta irudipena izan nuen duela hogei urte baino okerrago gaudela.
Jostailuen menua koloreka zegoen antolatuta: neskatilei zuzendutako orriak arrosak ziren, mutilei zuzendutakoak urdinak.
Neskentzat zer? Panpinak, nola ez. Amatxo ona izaten ikasteko. Jaioberriak jantzi, orraztu, garbitu, jaten eman… eta ez panpina bakarra: orain bixkiak daude modan. Bestetik, Barbie eta antzeko estilizatuak; printzesa izatera jolasteko. Modara jantzi, txakurtxoa paseatu, erosketak egin eta etxe dotoreetan bizi. A! Eta sukaldetxoak ere bazeuden, janari goxoa prestatzeko.
Eta mutilentzat? Auto zirkuituak, motorrak, garabiak. Munstroak, piratak, pistolak. Baloiak, futbolinak... Mozorroei begiratzea besterik ez zegoen: neskentzat printzesa jantziak, mutilentzat super-heroienak.
Eta gero esango dugu emakumeok amatasun sena dugula. Eta mutilei berez gustatzen zaizkiela futbola eta auto lasterketak. Irudituko zaigu umeek beraiek era librean aukeratzen dutela. Berdin hezten ditugula.