"Hegoak ebaki banizkio"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2011ko uzt. 13a, 02:00

Dokumental batean ikusi nuen. Txori arrek eginahalak egiten zituzten emeak konkistatzeko.

Batzuek habia zoragarria egiten zuten, euren trebetasuna erakusteko. Beste batzuek lore petaloak pilatzen zituzten, sasoian zeuden seinale. Deigarriak ziren denak ere. Kolore bizikoak. Zeinek baino zeinek hobeto kantatzen zuen, emeak erakartzeko.

Emeak kolore ilunekoak ziren. Diskretuagoak, isilagoak. Baina beraiek ziren aukeratzen zutenak. 

Gero arrautzetatik kumeak jaiotzen ziren. Eta denbora gutxira hegan egiten ikasi, eta habia uzten zuten. Txori emea libre zen berriro.

Eta pentsatu nuen: kontxo, txorien antzik ez dugu. Emakume askok eginahalak egiten dituzte gizakumeak konkistatzeko. Batzuek dantza egiten dute, euren trebetasuna erakusteko. Beste batzuk goitik behera apaintzen dira. Deigarriak dira. Kolore biziz jantziak.

Zeinek baino zeinek xarma handiagoa du, mutilak erakartzeko. Mutilek arropa iluna daramate. Diskretuagoak dira. Hori bai, ez dago garbi nork aukeratzen duen nor.

Ezer erakutsi behar izan ez duten praka-narrasekin batzen dira neska asko. Dutxan ere kantatzen ez dutenak.

Arrautzak badakigu nork jartzen dituen. Eta jaiotzen dira ume batzuk sekula santan habia uzten ez dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak