Ez hain aspaldi. Orain ezin da tabernetan ere erre. Eta kontuz parkeetan, umeak gertu badaude. Laster, balkoian erretzen duenari salaketa jarriko dio bizilagunak. Erretzailea gaizkile bihurtu da.
Erretzaileak erreta. Tabernariak haserre, bezeroak galtzeko beldurrez. Erretzaile pasiboak pozik: bazen ordua! Kea desagertu da tabernetatik. Besape usainak eta babarrun janen ondorioak bistaratuko dira. Baina jada ez dago arriskurik. Umeekin tabernetara sartzeko, adibidez.
Ume guztiak sartzen badira, tabernak Txiki Park bihurtuko dira... Akabo katarro poteoak! Orain hotzez hilko direnak erretzaileak izango dira. Baina ze kontxo, lehenago ere bazekiten: tabakoak hil egiten du.
Egia esan, arriskutsuagoa da kalean egotea tabernan baino. Autoen eta fabriken kea jaten egotea, alegia. Tximiniak zigarro erraldoiak dira, ke beltza dariela. Erretzaile guztiek batera baino gehiago kutsatzen dute. Baina horiek ez daude gaizki ikusita.