Eta galdetuz, jaso ditut izen batzuk, ertz guztietatik janzteko asmoz. Esaterako, Celina Wood, nahiz eta ez zen Arrasaten jaioa, pentsatu nahi dut Pedro Viteri senarrarekin batera egin zituztela eskola laikoaren ekarpenak. Teresa Garcia izan zen maistra ezaguna, Viteri eskolen hastapenetatik jardun zuen emakume xaloa. Albina Madinabeitia, 2. gerra ondoren Espainiako Kamera Orkestrako lehen biolin jolea izatera heldu zen. 100 urte iraun duen Zeziaga mertzeriak, Maalako errebalean, zeina Rafaela Lasagabasterrek eraman zuen mendearen hasieratik. Juana Fundazurik auto eta kamioi gidabaimena atera eta taxi gidari izan zituen bizibide, Gipuzkoan aitzindari. Eta gasolina botatzera Portaloiko Juanitaren hornitegira joko zuen, besterik ezean.
Hala nola Santxa, Jesusi, Mariasun, Marga, Xeli, Ino, Julia, Ines, Amaia eta hainbat. Aktore, zuzendari, mediku, dantzari, kazetari, artista, kirolari... egin diezaiegun gorazarre, behingoz.