Eta konektatu ginen Txotxe-rekin, bere eskutik antzerkian lehen pausoak emateko aukera izan dugun guztiok. Berak idatziko ez zuen gidoiari amaiera bikaina emanez joan zaigu, gu ikusle ginela.
Eta akordura etorriko zait Ana Gabrieli Onintza Enbeitak egindako elkarrizketa hura. Haien jardunaren etorria zen eskarmentuaren erakusleiho. Erakutsi eta irakatsi egiten duen esanahia geldiezina, asko egin duenaren eta asko esateko duenarena, dauden lekuan daudela ere. Eta hartan Juliak egingo zion galdera Anari: "Zerbaitetarako balioko du hainbeste urtetako borrokak?" Noski, bada Lorea (gizartea) zuria izan arren, norbaitek petalo bakar bat more bihurtzen duenean, hortik aurrera lorea ez da berdina, ez da lehengo bera berriz izango. Ikusi dugu, bai, aurtengo martxoan Lorea guztiz kolorez aldatzen ari dela. Egindako lanaren lorea eta kolorea…baita pentsioa ere. Eskerrik asko, beraz, besteon bertsiorik onena ateratzeko eginahaletan jarduten duzuen orori.