Zebra-bidea gurutzatzen amaitzeko, espaloira saltoa egitea bakarrik falta zaio. Agertu da mutikoa eta laguntza eskaini dio. Aterperaino bultzatu duenean, andreak nola eskertu ez dakiela, hunkituta ordainetan txanpon bat agindu dio. Ez dela ezer esan eta jaso duen oparia handiagoa dela badakiela, etxeratu da irribarretsu mutikoa.
Beste batean, aitona zaharra lurrean, eta lagun bi ikusi ditu hura altxatzeko ezinean. Etorri berriaren indarra eta sasoia nahikoa izan da tentetzea lorpen bihurtzeko. Agurtzerakoan, belaunak dantzan, harriduraz torpe behatu duten gizona ezin bakarrik utzi eta etxeraino lagundu dute. Aitonak, gazteokin harro, eskua poltsikora eraman duenean, ez dela beharrezkoa erantzun eta pozarren itzuli dira lehengo bidetik. Bada bi pertsonengan ezintasunak, umiltasuna irakasgai izan dutenaren printza bat. Eta era berean, ondo eginaren zoriontasuna gazteengan.
Hurrengoan, aldiz, lurrean aurkituko du mugikor bat gazteak, eta aldean eraman, biharamunean BAZen uzteko asmoz. Etxean dagoela, berehala lehenengo deia erantzun eta adostu du jabearekin tril egitea halako lekuan. Azkar bertaratu da mutila etxetik, eta han aurkituko du, heldua bai baina ez ezindua. Baina, borondatezko esker on bat espero duenean, "a, eskerrik asko" xume batekin biratu da aparailuari so.
Ez du ulertu... tamalez ongia galduz, heldutasunera bidea egiten diharduela.