Iñigo Iñurrategiri erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Elorza 2017ko mai. 7a, 00:00

Aurreko astean Iñigo Iñurrategik GOIENAn idatzitakoari erantzun nahiko genioke.

Uste dugu oso arriskutsua izan daitekeela gai baten gainean inongo informazio gabe idaztea. Eta are arriskutsuago izaten da, askotan, kasu zehatz bat hartuta orokortasunetan erortzea.

UDAk duen euskara plana goraipatzea bazen zure helburua, ados egon gaitezke. Baina ba al dakizu Bergara Kirol Elkarteak ba al duen euskararen erabilera sustatzeko horrelako planik? Norbaitekin hitz egin duzu informazio eske gaiaz idatzi aurretik? Klubera iristean, zuzendaritza honen lehentasunetako bat, beste gai batzuen artean, euskararen erabilera sustatzea zela argi utzi genuen, eta Bergarako Udalarekin batera euskara plana dugu martxan; emaitza positiboekin, gainera. Barne komunikazioa, formakuntza saioetan eta sare sozialetan euskara hutsean aritzea, gurasoen bilerak ele bitan egitea… ez dira gauza berriak gurean, baina, galdetzen ez baduzu, normala ez jakitea. Noski, ez gara perfektuak, akatsak ere egiten ditugu eta beti izango dugu zertan hobetu. 

Lehen aipatu bezala, informazio gabe idaztea bezain arriskutsua da kasu zehatz batetik orokortasunetara pasatzea. Eguneroko bizitzan bezala, euskaraz dakitenei, erabiltzeko konpromisoa hartzeko eskatu behar diegu, baina euskaraz ez dakitenek ere eskubide osoa izango dute entrenatzen jarraitzeko; gurean, behintzat. 

Akatsak onartuz, uste dugu zuzenagoa izango litzatekeela gutariko edonorekin harremanetan jarriko bazina eta martxan ditugun ekimenak ezagutu. Bergarakoa izanda, are errazagoa duzu. Harriak botatzea baino, hobe ideiak ematea euskararen sustapenaren alde.

----------

Iosu Elorza, Garbiñe Elorza, Jabi Orbea, Jabi Ibarra, Irune Alberdi, Martin Alberdi, Oskar Navarro, Vicente Piñero, Antonio Retes, Angel Jimenez, J. Luis Arietaleanizbeaskoa , Antonio Pato, Manu Diaz, Enrike Nieto, Aitor Blanco eta Miguel Basterra

Bergara Kirol Elkartea

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak