Egunak eguzkirik ikusi gabe pasatu arren, izugarriak, ezin hobeak.
Opor kontuak ahaztuta, egunerokora ohitu gara. Bazirudien egoerak hobera egingo zuela; pentsa, eguzkia ere irten zen bi astez jarraian. Ametsak amets, errealitatea bestelakoa da. Honek ez du amaierarik, epe motzera behintzat. Udalak itota, diputazioak zuloz josita eta estatua zutik mantentzeko arazoekin. Atenasko akropolia jada ondoratze bidean da, ikusiko dugu Alcalako atearekin zer gertatzen den…
Bata bestearen aurka gaizki esaka aritzen diren horiek behingoz lanean hasiko balira, orain gauza hauek kontatzen arituko ez nintzatekeelakoan nago. Baina tira, seguru nago udako bizipen eta momentu zoragarriak gogora ekarriz, arazoei aurre egiteko beharrezko indarra aterako dugula.
Itxaropentsu etorkizunera begiratu beharra daukagu, ziur nago eta, eguberriek mahai inguruan ospatzeko albiste pozgarriak ekarriko dizkigutela. Bitartean, segi borrokan, eta asko eskatzea ez bada, aurrezten saiatu. Baina argi ibili desjabetze eta murrizketa garai hauetan, Joseba Sarrionandiari saria ere kendu diote eta … auskalo zertan gastatzeko.
Disfrutatu asteburuaz lagunok. Espoloiko jaiak eta Udal Musika Bandaren kontzertua dituzue aukeran... Plan hoberik bai, ala? Eutsi goiari!