Jakina da gaur egungo haur eta nerabeak trebe eta ikasiak direla teknologia berrietan. Kezkaz, behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu gai honen inguruan. Indibidualtasunean oinarrituriko eredu batean murgildurik irudikatu ohi ditugu askotan. Nor bere tablet edo tresna elektronikoan itsu, mutu eta gor, inguruan dagoenaz, gertatzen denaz, ohartu gabe.
Baina gaurkoan poztu egin naiz. Ume talde handi bat dut begi aurrean, adin desberdina duten haurrak. Beraien oihu eta korrikek nire begirada berauengana zuzenarazi du. Harrapaketa jolas bat asmatu eta plazan, kalean gora eta behera korrika ari dira, makinatxoetatik urruti eta taldean!
Ez gaude guztiz galdurik, umeak beti ume, sormena ez dugu galdu! Poztu nau ikusitakoak. Eserlekutik jaiki eta erreka bazterrean beste taldetxo bat ikusi dut beraien ur jolasak eginez, harriak ibaira botaz eta istorioak asmatuz! Gozamen ederra hartu dute nire begi eta belarriek!