Presaka bizitze horrek azken hamarkadetan izugarrizko aldaketa ezarri du gure elikaduran. Ekoizteko eta jakiak prestatzeko denborarik ez dugunez, erosotasunaren bila jaki prozesatuetara jotzen dugu bi aldiz pentsatu barik.
Azkenaldian hainbat zientzia artikulu eskura etorri zaizkit ia ohartu gabe. Zientzia azterketa sakonen ondorioen azalpen zorrotza, gomendioz josia… gaixotasun kroniko eta larriak gero eta adin txikiagoetan ematen ari dira, asma kasuak eta alergiak gora nabarmen, minbiziak izugarrizko gorakada izan du… eta horien guztien oinarri eta erroan, nabarmen elikadura ohiturak eta jaki prozesatuak.
Jaki horietan erabili ohi diren kontserbagarri, gehigarri kimiko, eta abar lehen efektu larriak ematen ari dira guztion osasunean. Kontuak honela, gomendioa erraza bezain zaharra. Etxean egunean sukaldaturiko sasoian sasoiko jaki osasuntsuak oinarri izango dituen elikadura!!! Horrela gaixotasun zerrenda luze bat ekidin ahal dugu eta sasoi fisiko hobea izan. Kristoren aurkikuntza!, gure aitona-amonen errezetak hauts artetik atera eta praktikan jarri beharko ditugu!