Etxera begira jarri eta... Aho handiarekin diote herri honetan agintean daudenek hezkuntzan eskuduntza dugula, eta gaitasuna dugula guk nahi dugun hezkuntza eraikitzeko. Errealitateak beste zerbait irudikatzen duen arren, horixe sinestarazi nahi digute.
Gaurkoan Espainiako Epaitegi Konstituzionaleko ebazpenak, eta EAEko gobernuak honen gainean duen jarrerak kezkatzen nau bereziki.
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri eta hilabete batzuen buruan, egoera ekonomikoa erabat bestelakoa denean, Konstituzionaleko ebazpena etorri zaigu, murrizketak ezarriz. Erkoreka jaunak argi utzi digu bere adierazpenetan sententzia beteko duela. Zertarako dugu hezkuntza eskuduntza, Madrileko erabaki guztiei men egiten bazaie? Eta zein hezkuntza plan du Jaurlaritza honek gure herrirako?
Sinestezina eta ulergaitza egiten da Jaurlaritzaren jarrera, Hezkuntza Komunitate osoa ebazpenaren eta beronen ondorioen aurrean kontra agertu denean.
Gero eta garbiago du herri honen gehiengo zabal batek kanpo eraso eta injerentzien aurrean, eraikuntza dela erantzuna. Bada garaia, gure historian lehenengo aldiz, herritik eta herriarentzat, denon artean adosturiko Hezkuntza sistema hezur-mamitu eta eraikitzen hasteko.