Duela 3 urtetik, modu askotan eskatu dugu: BAZen Zigorrolako alkatetzaren aldetik, guk geuk Udaleko Kiroletako batzordean, bizikleta munduko herriko taldeekin proposamen bat aurkeztu genuen... baina Gobernuak ez du mangera nahi izan. Azkenik, aurrekontu parte hartzaileei esker derrigorrez egin behar izan dute, 2. bozkatuena izan zelako. Argi dago herritarrek behartuta ipini dutela eta ez dutela gustuko, ezta turismo, kirol edo mugikortasunerako azpiegitura interesgarri bezala ikusten. Bestela, arlo horietako aurrekontu arruntekin aspaldi jarrita egongo zen, edo, guk proposatu bezala, auzolanean egina.
Gutxi balitz, ez gaude konforme gauzak nola exekutatu diren. Hasteko, bozkatu ez zen leku baten jarri delako –erdigunean, Udaltzaingoaren ondoan planteatu eta bozkatu zen–, ordaindu egin beharko da eta eskaria egin genuenokin ez dute ezer kontsultatu edo azalpenik eman.
Ura kontrolatzearen alde gaude, baina ordaindu gabe. Adibidez, erabiltzaileen izenean leudeken txartel magnetikoekin. Harrituta gaude, gainera, ura erantzukizunez erabiltzeko ordainduko dela entzun eta gero, ur zikina –kateko olioarekin, eta abar– zuzenean errekara joango dela ikustean, eta ez, udaletxean eskatu genuen bezala, araztegira. Harrituta gaude, gainera, Munarren umeentzako ur jolas parke bat egingo dela irakurtzean; dohainik, noski. Hirigintzako arduradunari bidegorrien alde dagoela irakurtzeak ere txunditzen gaitu, ez dakigulako ziur bidegorririk nahi duen.
Besterik gabe, eta gure nahiak bete dituzuelakoan, atera dezakezue argazkia.
----------
Iban Diaz
Musakolako BTT Taldearen izenean
Arrasate