Bagoneten aldapa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2014ko eka. 27a, 00:00

Bagoneten aldapa aipatzen badut, batzuek ez dute jakingo zertaz ari naizen.

Mendizaleek, berriz, lotuko dute Araiarekin (Araba), Aratzeko mendi-hegalarekin, Aizkorrirekin eta Hiru Handiak probaren azken zuzenarekin.

Beste batzuek, aldiz, lotuko dute haitzaren behealdean dagoen harrobiarekin eta Ajuria Urigoitia fabrika metalurgikoarekin, 1847an Fermin Lasal eta Luis Ajuriak sortua, 1985a ezkero abandonatua.

Aldapa hartatik jaisten zuten harrobitik ateratako harria. Horretarako, bideak eraiki ziren, mineralez betetako bagonetak jaits zitezen. Hortik izena. Ezkerraldetik eta eskuinaldetik, mandoek eta astoek ikatza jaisten zuten labeak elikatzeko; burdina irteten zen labeetatik, eta horrek azaltzen du inguru hartako indar ekonomikoa.

Aldapa hura igotzen zuen, egunero, Josetxok. Espainiako gerran, 11 urte zituela, eskolaren ostean, aldapa hura igotzen zuen eta mendian sartzen zen. Otzara bat eramaten zuen, eltzekoa kazola baten eta plater bi: bat berarendako eta bestea Martin Joserendako –haren aitaita–, fabrika hartako eta ikatza manufakturatzen zuen lantaldeko arduraduna.

Solasaldi luzeak izaten zituzten, beti euskaraz, Martin Josek ez zekien-eta beste hizkuntzarik. Egunaren bukaeran, elkarrekin bueltatzen ziren Araiara.

Gaur egun, bagoneten aldapa jaistea gozamen hutsa da, naturaz disfrutatu osteko egun bat igaro ostean. Orduan, Josetxok gogora ekartzen duenez, bidean geratzen zen askatasuna eta gure kultura, pilatu egin behar den aberastasun bakarretako bat, partekatzeko helburuarekin. Ze kalte egin dezake horrek?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak