Errespetua, balioak...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2014ko api. 1a, 00:00

Zer ari da gertatzen? Hiru gaztek Gasteizko monumentu bati pintura bota diote...

... atxilotu egin dituzte, barrez lehertu dira eta haien gurasoek 23.000 euroko fakturatxo bati aurre egin beharko diote. 

Normala da neska gazte batek mundu hau uztea, eta, hori gertatzen denean, perbertitu batek argazki bat ateratzea gorpuari eta Whatsapp bidez zabaltzea, mezua birbidali zutenen laguntza higuingarriarekin?

Zergatik itxaron norbait hil arte hura omentzeko eta egin dituen ekarpenak onartzeko? Bi kasu, gertatu berri: Iñaki Azkuna eta Adolfo Suarez. Lehenak, bizirik zela, bere hiria XXI. mendera eroan zuela esaten zen, eta despota eta harroputza zela, besteak beste. Bigarrenari dagokionez, guztiek zioten maite zutela, baina Suarezek berak onartzen zuen gero "kabroiek" ez ziotela botorik ematen. Orain, guztiek txalo egiten diete biei; batari, munduko alkate onena zela esanda; eta besteari, Espainiako demokraziaren pertsona garrantzitsuena. Bide batez, gasteiztar batek Azkuna zenari aurpegiratzen zion gaur egun Bilbo den modukoa dela euskal gobernuak Gasteizekiko daukan ahazte sistematikoagatik. Tira...

Madrilen manifestazio bat amaitu zen Pekingo 55 egunak bezala, poliziei segika adokin-kolpeka eta gazte batek barrabil bat galduta. Zer ari da gertatzen?

Ba gertatzen ari da inpunitate legal handia dagoela eta gizartea kokoteraino dagoela. Gertatzen ari da hurkoarenganako eta arauenganako errespetua hutsaren hurrengo dela. Gertatzen ari da harrotasunak eta inbidiak galarazi egiten dutela ondokoaren lorpenak onartzea. Eta gertatzen ari da balioek (sakrifizioa, esfortzua, zintzotasuna...) ez dutelako burtsan kotizatzen, ez direlako emaitzen kontuan agertzen, ez dituztelako soldatak gizentzen. Hala segituz gero, eta nahiz eta ardura sozialak aldarrikatzen ibili, herrixka globaletik oihan madarikatura joango gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak