"Heroi anonimoak"

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Casas 2012ko mai. 8a, 02:00

Erreferente sozialik gabeko gizarte bat...

... lemarik gabeko belaontzi bat bezalakoa da. Zer izango zen India Gandhi barik? Eta zer izango zen Sobietar Batasuna Gorbatxov barik? Adibide bi horiek aipatzen ditut bat-batean etorri zaizkidalako, baina askoz gehiago daude, baita anonimoak ere. 

Hain zuzen, azken horiei helduko diet. Munduko lider handiak alde batera utzita, nire ustez oso garrantzitsua da benetako heroi lokalak egotea: euren bizitza balio bihurtzen dute besteoi eskaintzeko, eta, bide batez, bidea erakusten digute. Eta horretarako, ez dago zertan inongo jainkotasunek igurtzita egon.

Orain dela urte batzuk, 1992an, 19 urteko Algortako gazte batek –unibertsitate ikasketak egiten ari ginen elkarrekin– harri eta zur utzi gintuen: elkarte humanitario baten sartu, eta egun gutxiren buruan Varazdingo kanpaleku batera zihoala esan zigun, Balkanetako gerra odoltsu eta irrazionalak desplazatutakoei laguntzera.

Lehenik Varazdinen eta gero Spliten, sei hilabetez egon zen han. Bizi izan zituen esperientziak alde batera utzita, asko eta intentsitate handikoak izan ziren arren, pentsa dezakezuen moduan, haren keinu eskuzabalak EHUko gure idazmahai erosoan ikasten ari ginen guztiok markatu gintuen.

Bueltatu zenean, hura hazia zen pertsona moduan, eta gu, berriz, eskarmenturik gabeko unibertsitario hutsak ginen, baina, hori bai, gure lagunari begiratzen genion sinesgogortasunez, harriduraz eta admirazioz. Orduan ez genuen ulertzen zergatik egin zuen hura, zergatik jarri zuen bere bizitza jokoan, inork behartu barik! 20 urte geroago –denbora azkar pasatzen da gero...–, erantzuna erraz bezain hezitzailea da: mota horretako heroiek ez dutelako egoismoa ezagutzen eta besteondako bizi direlako.

Niretako, eta ordutik, funtsezko erreferentea da nire bizitzan. Ez daukat zertan kanpoan begiratu, alboan daukat. Hura da nire Gandhi berezia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak