Arrasateko Iturbide egoitza ere bortizki astindu du. Gogorra da egoera berri eta ezezagun honek zahar etxe askotan lanerako eta elkarbizitzarako sortu edo areagotu dituen baldintza zailak –osasunekoak, lan eta baliabideetakoak, emozionalak, eguneroko errutinen aldaketakoak, protokolo berrienak, kutsatzeko beldurrarenak...–.
Iturbiden ere egoera ezohikoa izanik ere, jakitun gara bertan lanean diharduzuen langileok egoiliarrekiko zuen ohiko maitasun, begirune eta profesionaltasunarekin eusten ari zaretela eta gure aitona-amonen azken egunak ere ahalik eta duinenak izateko zuen alde dagoen guztia egiten ari zaretela.
Horrela sentitu dugu guk gure amaren azken egunetan; distantzia fisikoa ahalik eta xamurrena izan zedin egin duzuen ahalegin guztiekin.
Zein garrantzitsua den egiten duzuen lana! Horrenbeste maite ditugun eta guztia zor diegun pertsonen zaintza...
Honegatik guztiagatik, doakizue gure eskertze sentituena egoitzako langile guztiei. Eskerrik asko, bihotzez!
Bide batez, besarkada handi bat gure amarekin batera bizi izan zareten egoiliar eta senide guztiei ere. Amaren azken urtean bere familia berri handia izan zarete eta gu ere etxean bezala sentitu gara zuenean.
Ea berandu baino lehen Garibaiko etxea osasun iturri bide den...
Bejondeizuela!
----------
Izaskun Bolinaga Etxebarria
Mari Karmen Etxebarriaren senideen izenean
Arrasate