Agur esanez egin zuen hitzaldia bilbotarrak, eta Sinde legearen inguruan gako garrantzitsu bat baino gehiago bota zizkion Espainiako Kultura Ministroari aurpegira.
Baina badirudi inork ez duela arazoaren muina benetan ukitu nahi. Izan gaitezen zintzoak, eta zabal ditzagun burmuin, belarri eta begiak: eztabaida honen sustraiak ez dira kultura, sormena edo artistaren duintasuna, "euskarriak" baizik, produktuak, eta ondorioz, industria. Izan ere, artearen historian mantendu diren euskarri bakarrak burmuina, belarriak eta begiak dira, eta horiei esker ezagutu dugu belaunaldiz belaunaldi gure aurrekoen ondare kulturala.
Garai moderno hauetan ere, gure burmuinean pilatzen ditugu gure begiek eta belarriek jasotakoak, kulturaren industriak sortutako "euskarri" guztiak edukiontzi hutsean gelditzen dira, edukiontzi oso garestiak. Eta noski artista sortzaileak dagokiona jaso behar duela sortu duenarengatik, baina ez dezagun merkatu artifizial bat sortu.
Izan ere, eredu kanonizatu eta zigortzaile honen bidetik jarraituz gero, belarriak, begiak eta burmuina izate hutsagatik ere kanon bat ordaindu beharko dugu jaiotzen garenean.
Gu piratak? Eurak kortsarioak!