Orain berriz, euskal presoen euskal herriratzea (beraien legeak betetzea, alegia) aldarrikatzen duen kartela kentzeko agindu digute batetik, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidaltzen diren akta guztiak gazteleraratzeko bestetik.
Adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria da lehena, beste behin ere presoak eta beraien eskubideak egoera politikoa baldintzatzeko erabiliz. Bigarrena, berriz, euskaldunon aurkako eraso berri bat da, Euskal Herria euskalduntzeko dugun bide luzean atzerapauso garrantzitsua.
Nekagarria da etengabe legearekiko talkan ibili behar izatea: legea bete gure irizpideen aurka, edo desobedientziara jo eta horrek dakartzan ondorioak onartu. Ba al du zentzurik gobernuan egoteak egoki deritzegun erabakiak hartu ezin baditugu?
Egoera honi buelta emateko bidea gure lege propioak egitea da. Beraz, inplika gaitezen burujabetzarantz egiten diren ekimenetan, gutxi batzuon eskuetan ez, guztion eskuetan dago eta!