Mediku anderea! Azken bolada honetan oso urduri nabil! Ez dut bururik altxatzen, bakarrik egiten dut barre, ez dut jendearekin hitz egiten, arreta berehala galtzen dut… Batzuetan zoratu egin naizela dirudi… Zer daukat, mediku anderea? Eta medikuak erantzun: Iphone bat!
Beste batean, Edurne eta Mirentxu kafea hartzen ari dira. Edurne kopetilun dagoela ikusirik, zer duen galdetu dio lagunak. Eta halaxe erantzun Edurnek: Bada, senarra bidali dut bazkaria egiteko patatak erostera; bidean auto batek harrapatu eta hil egin da! Mirentxuk, jota zurbil, galdezka jarraitu du: Ez esan!! Eta zer egin behar duzu orain? Eta Edurnek, zera erantzun: Ez dakit ba. Makarroiak edo…
Irakurleok, Goienako langileok, kontziente naiz friboloa eta desegokia irudi dakizukeela politikaren eta ekonomiaren eremuetan bizi ditugunekin iji-aja etortzea. Baina burua puztuegi daukat sentsazioz eta gorputzak horixe eskatu dit gaurkoan: Kike Amonarrizi txiste pare bat lapurtu eta errealitate gordinari gatz pixka bat jartzeko. Atrebentzia barkatuko didazuelakoan, Aurrera, Irati! Aurrera, Fagor! Eutsi diezaiogun goiari!