Gero iritsi ziren paper-kartoi eta pilak jasotzekoak (1992) eta ontzi arinentzakoak (1999). 2000rako Debagoien osoan genuen hondakinak birziklatzeko aukera. Urteak izan ditugu ohiturak aldatzeko. Denok ez dugu egin, ordea. Debagoiendar bakoitzak 280 kg hondakin botatzen du urtero zabor-poltsatan nahastuta.
Eta ez da izango urte hauetan guztietan bilketa selektiboari buruzko informazio eta kontzientziazio kanpaina gutxi egin delako! Bosgarren edukiontziak ez luke ezer konponduko, honenbestez. Badagoelako herritar multzo garrantzitsu bat bere erosotasuna lehenesten duena interes orokorraren gainetik. Eta ez dago arrazoirik pentsatzeko jarreraz aldatuko duenik aurrerantzean, bilketa sistema zorrotz batek behartuta ez bada. Zaborraren auziari kontsumo arduratsurantz eta hondakin kopuru minimoa sortzera eramango gaituen irtenbide bat ematea da gakoa. Arazoaren muinean gure bizimodu kontsumista eta suntsitzailea dagoelako. Ziur nago atez atekoak bide zuzen horretan jarriko gaituela denok, kontziente edo inkontzienteki.