Duda egin dut berez arbuiatzen diren zure salaketei erantzun ala ez. Baina egin egingo dut, niri egotzi dizkidazunak bere lekuan jartzeko eta, bide batez, gauza pare bat argitu dezazula eskatzeko, zilegi bazait. Hasteko eta behin, nik ez dut Arrasateko txikiteoan entzundako ezer eraman zutabe horretara, amorruak itsutu gabe irakurtzen baduzu konturatuko zara. Ez da nire errua batzuei zakila zut jartzen bazaie korrika doan moja gazte baten abitua dantzan ikuste hutsarekin. Nik esandako gehiena Munillak eta moja komunitate horretako arduradunak tokiko hedabideei adierazitakoa da. Hitzez hitz hartua. Gauza bakarra jaso dut Internetetik: lekaime gai horien ordena beste baten egondako barne botere borroken ondorioz sortu dela. Eta kito. "Botere goseak mugitzen" dituela eta, zure ekarpen manipulatzailea da. Harritzekoa da, bestalde, nire kontra sugeak eta muskerrak jaurtitzen zutabe eta erdi bete duzun arren, datu bakar bat ere eman ez izana nik esandakoak ukatzeko. Beraz, hor doakizu lehenengo eskaera: kontatuko diguzu, txutxu-mutxutzat jotzen dituzunak argitze aldera, moja horiek "nor diren, nondik datozen, zer egiten duten"? Egingo bazenu nire hanka-sartzea onartu beharko nuke, akaso. Osterantzean, hiraz idatzitako gutun bat baino ez genuke izango. Niri leporatzen dizkidan hutsegite guzti-guztietan erortzen den sermoilari sutu baten usteak. Hori da hori ereduarekin predikatzea. Badirudi zure ustez batzuk soilik zaretela nor –ni ez, noski– edozer eta edozein modutan esateko. Pulpituaren ajeak, seguru asko. Edozein kasutan, ziur nago Goienak ere eskainiko dizula tribunarik aurpegiratu dizkidazun gezurrak banan-banan argitzeko, eta nik bihotzez eta zintzoki eskertuko dizut. Izan ere, zuk iradokitzen duzunaren kontra, nire barruan ez dago, zorionez, gorroto zipitzik, ez zurekiko, ez ordezkatzen duzun elizarekiko, ez beste inorekiko. Izugarria da zein hedatua dagoen jendarte honetan herra eta desadostasuna nahasteko joera. Zoritxarrekoak horrela bizi direnak, sekula ez dute barne lasaitasunik izango. Amaitzeko, bigarren eskaera. Zure gutunak sortu didan zalantza bat argitzea nahiko nuke. Emakume horiek "beren buruak defendatu ezin dituzten neskak" direla diozunean, zer esan gura duzu, zehazki? Eskean ibiltzera behartuta egoteaz gainera, beren iritzia ematea galarazita dutela? Bistan da, Jon, oso bestelako moduak daudela munduan pertsonen ohorea, eskubideak, errespetua, sinesgarritasuna... zuk aipatutako kontzeptu horiek guztiak ulertzeko. Izan zoriontsu.
--------------------
Itxaro Artola Arrasate