... Kontseiluak antolatutako manifestazioa medio. Arrasateko Euskalgintza osatzen dugun erakundeok bat egiten dugu, jakina, deialdi horrekin eta ekimenean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu sentipen bera duzuen herritar guztiok. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Anoeta estadiotik eta gu 15:30ean irtengo gara autobusez, Garibaitik. Txartelak AEDn eta Monte eta Irati tabernetan har ditzakezue, 10 euroren truke, azaroaren 29a baino lehen.
Ez dago aitzakiarik. Nagiak etxean utzita euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu.
Horrela izango bada, eta euskarak iraungo badu, batura eta indarra erakutsi beharra daukagulako euskaldunok. Gaur egun bizi dugun unea testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan beharrezko diren aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia emateko eta abagunea probestu beharra daukagu. Euskararen afera erdigunera ekartzeko, elkarbizitzarako tresna bihurtzeko.
Euskarak, mendez mende iraun badu, komunikatzeko, harremanak sortzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko eta jendea batzeko balio izan duelako izan baita.
Eta etorkizunean ere hala izango da, guk, XXI.eko euskaldunok, euskaraz bizitzeko gogoari eusten eta bideak zabaltzen jarraitzen dugun neurrian. Norbanakotik hizkuntza komunitatera eta hizkuntza komunitatetik jendarte osora.
Hortaz, abenduaren 1ean, nork bere hondar-alea ipinita, euskaraz bizi nahi dugunok multzo handi bat osatzen dugula agerian jarriko dugu. Ilusioz eta bizipozez. Nahi dugulako eta eskubidea daukagulako. Nor ekarriko duzu zurekin?
(*Arrasateko Euskalgintza erakunde hauek osatzen dugu: AED, AEK, Arizmendi Ikastola, Arrasate Herri Eskola, Arrasateko Institutua, EHE, Ekin Emakumeak, Emun, Goiena, MGEP eta Txatxilipurdi Elkartea)
--------------------
Itxaro Artola
(Arrasateko Euskalgintzaren* eta Arrasateko Udalaren izenean)
Arrasate