"Gazteak, batez ere, hasi dira mugitzen...”, kontatzen digute ostatuko Nuriak eta Joanek Aezkoako herritarren euskaltasuna hizpide.
Afaltzen bapo eman eta gero abegitsu hartu gaituzte etxeko egongelan eta konplizitatez ari gara hitz eta pitz, geure aberriez eta espainolen aberiez. Ez dute gertu ikusten Katalunia lliure. Mesfidati dira botereko alderdiarekiko, ezkertiarren arteko lizkarrekiko, ekonomiak bultzatuta independentzia nahi dutenekiko. Guri, ordea, urrutiko hotsak iruditzen zaizkigu euren kezkak, gaurko egunean oinarrizkoagoak baitira gureak. Gozatu egin baitugu Azpegiko trikuharrien bidean; horditu egin baikara arnasa ematen digun Iratiko kolore festan; inbidiaz miretsi baititugu inposatutako mugetan aske dabiltzan ardi latx, behi gorri eta behor autoktonoak; zintzurra freskatu baitugu Errobiren sorburuan larreratzen duten artzainen begiradapean; eta euskal mahai-zapidun mahaietan bazkaldu, eguzkilorez babestutako bentatan; Euskal Herrian sentitu baikara, funtsean.
Baina, halere, aeztarrekin hitz egiteko parada izan dugunetan behin bakarrik egin ahal izan dugu tokiko jatorrizko hizkuntzan, euskaraz. Eta, honenbestez, saihestezinak izan dira katalanei egin dizkiegun galderak: Euskalpark-era etorri al gara? Eta non jarri dituzte euskaldunak? Kontzientzia hartzen itxuraz...