Euskal nobelagintza berria ari ginen ikasten, badakizue: Ehun metro, Haur besoetakoa, Leturiaren egunkari ezkutua... eta Mari Karmen Abasolo euskara irakasleak gaiari buruzko talde-lan bat egiteko eskatu zigun.
Gure taldekook, Leturiaren maitemin etsiaz maiteminduta nonbait, Txillardegiren eleberria aukeratu genuen eta ez zitzaigun erokeria handiagorik bururatu telefonoa hartu eta egileari elkarrizketa bat eskatzea baino. Eta berak onartu! Horrela joango ginen bada, zortzi bat neskatila kapitalera, Leturiaren "aitarekin" egoteko. Ez daukat gogoan, zoritxarrez, zertaz aritu ginen berriketan, baina bai, ondo gordeta gainera, arratsalde hartako irudi bitxia: Txillardegi Amara Berriko kafetegi bateko mahai batean eserita miresmenez entzuten zioten neskatilez inguratuta.
Hogeita bost bat urte joan dira harrezkero, eta askotan pentsatu izan dut egun hura mugarri moduko bat izan zela euskal literaturarekin daukadan lotura sentimentalean; esan barik doa, aparteko nota ere jarri zigula irakasleak talde-lan hartan.
Zor dizugun/dizudan guztiagatik, bada, mila esker Txillar, sekula ez zaitugu bakarrik utziko Zerubiden.
------------------------------
Itxaro Artola
Arrasate