Prezio horretan, autoa arrankatu orduko birritan pentsatu beharra dago prest gauden dirutza hori ordaintzeko edo mugitzea ahalbidetzen duen beste aukerarik badaukagun. Hala, arrasatearroi autoa gutxiago erabili behar izateko iraultzan bete-betean murgilduta harrapatu gaitu gasolinaren prezio igoera honek. Iraultza horren erakusgarri nabarmenenak dira Makatzenako bi igogailu publikoak, Erguineko laurak, eraikitzen dauden Santa Teresako hirurak, Ekobulebar-ak ekarri duen bidegorri sarearen zabalkundea eta berau amarauntzea lortuko duen San Andres auzoko atal berria, trafikoa murriztu duen TAOren ezartzea edota freskura bila inora joan beharra ekiditen duten ur-txorroten bi parkeak.
Aldaketa horiek guztiek, iraultza guztiek bezala, tentsioak eta kontrako jarrera sutsuak eragin dituzte, autoen nagusitasuna alboratu delako, baina gaur egungo egoerak erakusten digu arrasatearrok bide zuzena hartu genuela eta, kementsu, bide beretik jarraitu beharra daukagula, guztion artean bizitzeko herri hobea eraikitzeko.