Galdera horren aurrean, guri, ezpainak itxi eta sorbaldak jasotzearen keinua egitea besterik ez dagokigu. Guk ere ez dugu ulertzen. Entzun ditugu proiektu faraoniko eta megalomanoa litzatekeela, herria zorpetuko lukeela eta antzerako aitzakia errepikakorrak, zeinak aspaldi entzuten ziren, adibidez, Tolosako edo Aretxabaletako kirol azpiegituren proiektuak mahaigaineratu zirenean.
Arrasateko Udalak ez dio inori sos bat ere zor eta azken urteotan iraultza izugarria burutu du kultura azpiegitura duinak sortzen, auzoetako irisgarritasun bertikala bermatzen, jolas-parkeak eguneratzen eta gune degradatuak biziberritzen. Herritarren gehiengoak uste du unea dela kirol azpiegitura zaharkitu eta dekadenteak eraldatu, berritu eta duintzeko. Gehiengo horren bultzadarekin aurrera egingo dugu. Aurrera bolie!