Arrasaten ere antzeko arrisku egoerak maiz sufritzen ditugu. Badirudi denok bat egiten dugula bizikletaren erabilera sustatzearekin –baldintza seguru eta egokietan–, baina, asmoak egia bihurtzeko orduan, arazo ugari daude. Kaleetan hauentzako tokia egiteak hainbat tentsio sortzen ditu, batez ere, espazio faltarengatik.
Motordun ibilgailuen erabiltzaile askok entzun ere ez dute egin nahi autoentzako zirkulazio errailak kentzearen aukera; zer esanik ez aparkaleku plazak murriztearena. "Kaltzadan doako aparkaleku gehiago behar da!" edo "Gipuzkoa etorbideko bi errailak mantendu behar dira!" aldarriak entzuten ditugu nonahi. Zoritxarrez, Bilbokoa moduko istripuek krudelki erakusten digute hil ala bizikoa dela errezeloei aurre egitea eta bidegorrien sarea zabaltzea. Hala bada, modu kolektiboan erabaki behar dugu; Etxaluze-Maala Ekobulebarrean, Araba etorbidean edo Muxibar-San Frantzisko tartean horixe egitea.