Eta kaletarroi arazoaz jabetzea ere kostatu egiten zaigu. Komikiak irakurriz hazi ginenontzat, basurdeak Asterix eta Obelixen komikietako erreferente dira. Obelix besape bakoitzean basurde bat daukala etxera bidean, umetako imajinarioan grabatutako irudia da askorentzat. Kontuan izanda, gainera, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan Euskal Herrian ez zegoela basurderik, galiarren eta erromatarren garaiko animalia exotiko bezala ikusteko joera daukagu. Baina, bat-batean, basurdez bete zaizkigu herri inguruko baso eta mendiak. Eta zer egingo dugu? Populazio jasangarri bat izatera bueltatu arte berriro ehizatu? Edo era naturalean populazio hori kontrolatzeko harrapariak sartu? Hor dago korapiloa, eta nik, behintzat, ez dut nola askatu argi ikusten.