Beraietara igotzeko beharra barne-barnean daramagunik inork ezin jarri zalantzan. Mendi txikia edo handia, astebururo dozenaka pertsona ikus daiteke mendietan. Arrasateko mugetan badaude hiru tontor. Ederrena, Udalatx. Gertukoena, Kurtzetxiki. Ezezagunena eta apalena, Anporreta.
Azken hau apenas ezagutzen du inork, basoaren erdian egonik ez baita erraza bertarako bidea aurkitzea. Hala, Udalak, tontorra balioan jartze aldera, tontor hori hartzen duen lursaila erosi eta berreskurapen lanak burutzea erabaki du, herriko eragileekin batera.
Alde batetik, tontorreko pinuak moztu eta zelai-gune bat atonduko da. Ondoren, bertatik igarotzen den gerra zibileko lubakia berreskuratuko litzateke eta Aranzadirekin batera agertu diren aztarna megalitikoak aztertzeko asmoa dago.
Eta hau guztia ezagutarazteko, Besaide Mendizale Elkartearekin batera diseinatu den ibilbide laburra (SL) homologatu eta dagozkion panelak eta seinaleak jarriko dira.
Epe laburrean, naturaz eta mendi tontorrez gozatzeko aukera berri bat izango dugu!