Alde batetik, aberastasuna sortu genuen herri hau aurrera atera ahal izateko, baina bestetik, gure errekei eta bertako ekosistema osatzen zuten animalia eta landareei bizkarra eman genien.
Hala, Deba eta Aramaio ibaiak estolderia sareko kanal nagusi bihurtu genituen. Oraindik ere gogora datorkit errekako urak kolore psikodelikoetan pasatzen ikustearen imajina, eta, zer esanik ez, ahalik eta bizkorren bere ertzetik ihes egin nahi izaten genuenekoa, urek zekarten kiratsarengatik!
Zorionez, egoera horri poliki-poliki buelta eman diogu. Hala ere, errekek euren egoera naturala berreskuratu dezaten, oraindik bide luzea dugu egiteko. Eta horren harira dator ekitaldiz betetako aurtengo Errekaren Astea; hitzaldiak, erreka hobeto ezagutzeko bisita gidatua, auzolanean errekaren garbiketa… Animo, denon artean lortuko dugu-eta gure errekak eta ibaiak berriro ere bizitza iturri izatea! Denok batera, aldarrikatu dezagun: gora, gure errekak!