Han-hemenkako istiluak beste eredu bat ari dira exijitzen. Gatazkarako arrazoien zerrenda luzea da, neoliberalismoaren fase hau herritarren txirotasuna ari baita areagotzen, gutxi batzuen onuran. Langileen erosahalmena beherantz, gazte jendearen soldatak geroz eta murritzagoak, KPI gorantza, etxebizitzak eskuraezin, koktel borobila ari dira osatzen aldarriak eta protesta oldarkorrak heda daitezen Europako hainbat naziotan. Botoa emateko orduan, berriz, aldarri horiek ez dute islarik hautetsontzietan, murrizketa handiagoak ekar ditzaketenak lehenesten baitituzte herritarrek. Abertzalekeria bihurtu da gizartearen motor nagusi lurralde askotan.
Estatuan antzeko fenomenoa ari zaigu gertatzen; krisiari erantzunaz etxegabetzeen aurkako kanpaldiak, erretiratuen kontzentrazioak, asteko greba orokorra eta abar. Oharkabean, baina, hain zuzenak ez diren jokaerak txertatu dira aldarrikapen justuen adierazpen publikoetan, haiek desitxuratzeraino. Bilbon izan dute horren berri. Demokrazia eta eskubideak sendotzera etorri bide zen Internet, baina gaur, bortizkeria eta noraeza hedatzeko makina bihurtu zaigu, hein handi batean.
Handiagotik txikirako bidaian, eskubideen murrizketak nonahi ari gara ikusten. Estatuan eskuinak gobernatzen dituen komunitateetan adierazpen askatasunaren kontrakoak ugariak dira; eguneroko kontua da zentsura, eta dirulaguntzak ukatzea gustuko ez dituzten sorkuntza artistikoei. Gure oasiaren zati txiki honetan, ikuskera aurrerakoia beharko luketen eragileak ikusi ditugu zentsurara jotzen, bideoak eta iritzi artikuluak zentsuratuz; ondo ideien eztabaida pertsonekiko gorrotoak ordezkatzen duenean, eztabaidagarria beste kasu guztietan. Adierazpen askatasuna elkarbizitzaren bermea da talde txikienetan, bikotea edo senitartea, adibidez, nahiz handiagoetan.