Zeroak euskaran

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2026ko uztailaren 21a

Aski ezaguna da unibertsitate sarrerako azterketarekin gertatutakoa eta gertaeren sekuentzia

Azken urratsa falta zaigu, epaileen azken erabakia, eta beldur naiz auzi-jartzaileen defentsa itsuan ez ote diren aterako, euskarazko notak baliogabetuz, batezbesteko hobeak lortu dituzten ikasleen kaltetan. Beldur naiz epaitegiek lanbide publiko duin bat lortzeko euskararik ez dakitenen defentsan abiatutako bidea ez ote den orain beste arlo batzuetara zabalduko; adibidez, hezkuntzara.

2021eko inkesta soziolinguistikoaren emaitzen arabera, Euskal Herriko biztanleen %13,7k euskara sustatzearen aurkako jarrerak ditu. Komunitate Autonomoan %6,8k eta Bilbon, berriz, %9,6k. Ez zuten hobera egingo, azkenengo mugimendu demografikoak kontuan harturik. EAEra itzuliz, %26,3 ez dago ez euskara sustatzearen alde ez aurka.

Gaur antolatuta daude euren interesak defendatzen dituzten erakunde desberdinetan, euskara ikasteko aukera izan arren ikasi nahi izan ez dutenak defendatzen dituzten bufeteetan, eta epaileak sortzen ari diren jurisprudentzia dute alde. Errealitate soziolinguistikoaz hitz egiten dugunean, errealitate soziopolitikoak ari gara estaltzen.

Baina azterketen emaitzez ari garenez, ezinbestekoa da EAEko hezkuntzaz hitz egitea. Euskal Hezkuntza sistemari beste itogin bat sortu zaio, PISAk eta beste azterketa anitzek urtero jakinarazten dizkigutenez gain: 3 urtetik 18 urtera arte  euskara ikasten aritu ondoren ezer ez dakitenen ikasleena.

Hezkuntza Sailak aztertu beharko du zerk egiten duen kale ikasleen motibazio faltaz gain. Helburuak eta baliabideak lerrokatuta al dauden; astean hiru ordu nahikoa ote diren hizkuntza bat menderatzeko; irakasleak prestakuntza bikainarekin ateratzen ote diren irakasle eskoletatik; baliabide materialak nahikoa ote diren…

Porrot horien ondoren ezer gertatu izan ez balitz bezala geratzea ez da aukera ona. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak