Kontzejupetik-en eta Goiena-n irakurri ahal izan ditugun albiste eta artikuluen arabera, zalantza handi bat izan dute sustatzaileek: gaur ezagutzen dugun eran uztea edo landu gabeko harria estaltzea kare-morteroko geruza batekin. Olaiturrira ematen duen pareta ikusita, badirudi bigarren bidea aukeratu dela, pareta osoa erraseatuta eta kolore argi batez margotuta agertzen baita. Dirudienez, harlandua eta elementu eskulturadunak geratuko dira bistan, eta pareten hondo argiak pilastroiak eta sarrerako eskultura multzoak nabarmenduko ditu.
Berritasun handia da harri osoa beti-bistan ezagutu dugunontzat, baina ez da hori izan beti unibertsitate zaharraren itxura. Interneten nabigatzen, 1910. urteko argazki bat agertu zait –salgai dago–, zeinean harrien arteko elkarguneak eta beste elementu batzuk zuriz margotuta agertzen diren. Pentsatu behar dugu, beraz, XX. mendean egindako esku-hartze batean geratu zela orain ezagutzen dugun bezala.
Etxean dut marrazki zahar baten kopia, Recuerdos de la Universidad de Oñate izenburua daramana, A. Gomarrek izenpetua 1887an. Marrazkian, mendebaldera ematen duen dorrea erabat zuri agertzen da. Antonio Gomar Gomar izan daiteke egilea, eta litekeena da, J. Sorollaren laguna izanik, harekin batera Euskal herrian egindako egonaldiren batean Oñatiraino iritsita, unibertsitatearen apunteak hartu ondoren mihise hartan islatzea.
Argudio horiek gorabehera, zaila egiten zaigu herri baten elementu bereizgarria eta bere garaian inguruko eraikuntza berriak baldintzatu zituena –institutua, kasu– erabat aldatuta ikustea. Aldeko eta kontrako iritziak ez dira faltako. Ni, garbi, esku-hartze horren alde. Gustuko dut ikusi dudana.
Baina galdera bat ere bai: ikasiko dugu, behingoz, gure ondarea eta memoria historikoa benetan babesten?