Ez zen inor falta Kepa Errastik maisuki eraman zuen ekitaldian: eskualdeko politikariak, merkatariak, enpresariak, euskaltzaleak eta beste eragile batzuk ziren bertan. Goienak sorreratik izan duen bide ireki eta partekatuaren baieztagarri.
Bidea ez da erraza izan. 1988an eskualdeko lehen hedabide euskalduna sortu zenetik Arrasaten, lana sendo egin behar izan zuten jardunean aritu ziren elkarte eta norbanakoek, herri bakoitzak berea izan arte. Oñatin ere saiatu ginen, Laixanetik, baina ez genuen lortu Udalaren bultzadarik. Nahiago izan zuen udal aldizkari bat bultzatu.
Hasieran, euskaran analfabetoa zen herria euskaraz irakurtzera ohitu zedin zen helburu nagusia.
Goienaren sorrerarekin izan ziren beste batzuk ere: eskualdea, komunitatearekin bat egitea... betiere, hautuak egitasmoa indartu eta eraginkortu egin zezakeelakoan, euskara ardatz. Bateratzea ez omen zen erraza izan, berrikuntzen aurrean beti sortzen baitira erresistentziak. Hala ere, aldekoek eta zalantzatiek bat eginik, aurrera egitea lortu genuen. Bide guztiek bezala, honek ere izan zituen ezusteko eta arazoak. Mehatxuak eta zangotrabak ere bai; bereziki, hedabide indartsuagoetatik.
Bidea bakarrik egin ordez lagun artean egiteak dituen abantailez jabeturik, beste eskualde batzuetako euskal hedabideekin elkarlanean aritzea ere garrantzitsua zela ulertu zuen Goienak, eta horretan jarri zituen lidergoa eta indarrak. Hainbat eskualdetan eredu berari jarraitu diote, arazo berberak gaindituz eta ehundura
zabal eta indartsura eratuz; altxor bat.
Goienak bere urteurrena ospatu duen bezala, zergatik ez ezarri urtero herriz herri eta eskualdez eskualde ospatuko den tokiko hedabideen eguna? Argazki xumeenak ere ikusgarritasunez eta indarrez jantziko luke mugimendua. •