Gazteleraren erreferentzialtasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2025ko ira. 22a, 00:00

Udan A. Lertxundiren Berbelitzen hiztegia liburua irakurtzen eman ditut hainbat ordu.

Besteak beste, administrazioak itzulpenetan darabilen euskarari buruzko gogoeta dakar: Euskara administratiboak erdarazko hizkera barroko, hanpatu, antilingua du ispilu... Ondorioa  da: ispilu deformatzaile horretan begiratu beharrak nekez ekarriko digu irudi freskorik. Gaztelera administrazioaren erreferentziazko hizkuntza dela garbi uzten du.

Erreferentzialtasun hau beste arlo batzuetara ere hedatzen da. Gakoak aldizkariak eman digu hurrengo puntua: El Correo-k 9,2 milioi jaso zituen publizitate truke 2018-2024 urteen artean Jaurlaritzatik bakarrik; DV-k, 6,1; eta zerrendako lehenengo argitalpen euskaldunak, Berria-k, 1,8 milioi baino ez. Legeek derrigortzen dute administrazioa hainbat iragarki tirada handieneko egunkarietan argitaratzera, baina ez die eragozten beste batzuetan ere egitea.

Abuztuan jakin dugu adimen artifizialak eragindako kalteak arintzeko zazpi milioi banatuko dituela Jaurlaritzak 2025ean; 1,6 Vocento taldekoentzat izango dira. Hemen ere lehen euskal komunikabidea Berria da, 0,5 milioirekin.

Diskriminazio orokortu hau modu bateko edo besteko dirulaguntzekin ezabatzen saiatzen dira. Ondorioz, maizegi entzun behar izan dugu –baita etxekoen ahotik ere– euskarak eta euskal hedabideak dirulaguntza publikoetatik bizi direla!

Ondo datorkit gogoratzea Frantz Fanon afrikar borroka antikolonialistarekin lerrokatutako psikiatraren mendeurrena –Lur argitaletxeak bere liburu bat argitaratu zuen, A. Urretabizkaiak eta I. Sarasolak itzulia–. Fanonek zioen beltz kolonizatuak gauzei zurien begiekin begiratzen ikasten duela, kolonizatzaileek onartzea nahi duenean haren ohiturak eta mundu ikuskerak bereganatuz.

Ez al da gurean ere beltz zurizale gehiegi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak