Izan ere, tresna horizontal, sozializatzaile, demokratiko eta deszentralizatua izanik, ezagutzan sakontzen laguntzeaz gain, boterearen gehiegikerien kontrapisu bihur zitekeen.
Gauzak ez dira gertatu nahiko genukeen bezala, eta gaur egun sarea korporazio gutxi batzuen esku geratu da. Egoera honetan, milioika jopu eta menpekok, eta langile gutxi batzuek, hauen kontura aberasten ari diren jauntxo gutxi batzuentzat egiten dute (dugu) lan; batzuk edukiak eta datuak eskainiz, besteak merkantziak edo zerbitzuak, eta langileek euren lana baldintza penagarrietan.
Yanus Varoufakisek ederki xehatzen du hori guztia Teknofeudalismoa izenaz bataiatu duen azken liburuan.
Bada, hori guztia gutxi balitz, politika erreakzionarioenekin bat egiten ikusi ditugu azken hilabeteetan, eta eskuin muturraren tresna baliotsu bihurtu dira.
Jauntxo berri horiek eskaintzen dizkiguten aplikazioen aurkako mugimendu bat ere hasi da, intoxikaziotik eta gezurretatik ihesi. Batzuek uko egin diote Facebook eta X erabiltzeari, eta Bluesky, Mastodon eta halako sareak aukeratu dituzte. Politikarien artean, ordea, askok diote sare toxikoetan egon beharra dutela, ideia demokratiko eta aurrerakoien defentsan. Horrela beharko du bizi dugun eraso antidemokratikoaren aurrean, baina, era berean, ezinbestekoa da egitura horien aurkako alternatibak sortzea. Egitura menderatzaileak ahultzeko modu bat da.
Hona iritsita, sinesgaitza egiten zait ze gutxi egin den instituzioetatik kode irekiko softwarean oinarritutako baliabide eta aplikazioak sustatzeko –badirudi hezkuntzan pilotu bat jarriko dutela martxan–, eta urtean toki-administrazioek antolatzen dituzten ehunka ikastaroen artean batere ez zuzentzea aipatu arlora. Agian, beranduegi izango da, baina zerbait egitea merezi duelakoan nago.