Hiri garrantzitsua izana, Jaka eta Logroño arteko bidearen ertzean zegoen kokatuta baskoien lurraldean. Urteetan Nafarroako Unibertsitateko –Opusekoa– teknikariak izan dira induskariak, harik eta uda honetan Principe de Viana erakundeak lan horien ardura kendu dien arte. Erabakiak lurrikara eragin zuen Nafarroako ingurune kulturalean eta, nola ez, politikoan, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula UPNren aliatu estrategiko garrantzitsuenetako bat horrela baztertzea.
Ez zen falta izan erabakia Bilduri egindako ordaina zela esan zuenik.
Patxi Mendiburu Nafarroako eskuineko militante sutsuak atzean gelditu nahi ez eta goiburu hau erabili zuen bere blogean –itzulpena nirea da–: Chivitek eta Aranzadik, J. Andreu kaleratu dute Santa Krizetik. Aurrerago honela zioen: Javier Andreuk bere heriotza-epaia sinatu berri du, eta Aranzadiren eskuak exekutatuko du. Ez dakit eskuaren aipua Irulegiko Eskuarekin lotu nahi izan zuen, baina blogaria ezagututa ez litzateke harritzekoa.
Nafarroako erakundeek diotenez, berriz, baimenik gabe erabilitako hondeamakinek eragindako kalteak daude erabaki honen oinarrian, eta hainbat harroinetan egindako kalteak aipatzen dituzte adibide gisa.
Gogoeta hau Iruña-Veleiak egindako IV. kongresuaren harira dator, aztarnategi horretan hondeamakinak egiten ari omen diren sarraskiak berriro salatu baitituzte kongresuan.
Arkeologiaz ezer gutxi dakigunontzat Nafarroako Foru Aldundiak hain zorrotz jokatzeak hondeamakinen erabilpenarekin eta Arabakoak hain malgu, betiere Iruña-Veleiako IV. Biltzarraren antolatzaileek diotenez, zer pentsatua ematen du. Izango dituzte beren arrazoiak, baina ezkutuan ibiltzeak edota datazio eskaerei muzin egiteak ezer gutxi laguntzen dio aztarnategi honen ospeari eta bere indusketen kalitateari.