Ni ere politologo

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2023ko eka. 10a, 00:00

Hauteskunde egunaren biharamunean idatzi behar dudanez zutabe hau, bezperakoak gaitzat hartu beharko ditut, nahiz eta jakin argitaratzen denerako zaharkitua egon daitekeela.

Laburbilduz, bi irabazle: genero ikuspegia eta EH Bildu. 

Emakumeek Hego Euskal Herriko instituzioetan duten protagonismoa indartsu azaleratu da, aurreko agintaldietan egindako urratsak sendotuz. Paktuak paktu, Hego Euskal Herriko lau aldundiak emakumeek gidatuko dituzte; gauza bera gerta daiteke lau hiriburuetatik bitan. 1980ko hauteskundeetatik irtendako Legebiltzarraren osaerarekin alderatuz gero, aldea itzela da: orduko 60 kideetatik lau baino ez ziren emakumeak, guztiak EAJkoak. Datuak dira. 

Bigarren irabazlea EH Bildu da. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, lehenengo indarra, EAJri aurre hartuz. Ez da kasualitatea; esango nuke koalizioaren irudi berriak ahalbidetzen duela, neurri handi batean, garaipen hori. EH Bildu ez da jada ezetzarekin lotu daitekeen alternatiba. Aukera eraikitzaile bihurtu da. Ez du programaren lehen orrialdeetan errauskailuaren aurkako eraso bortitzik, ezta topoaren aurkako jarrera sutsurik ere. Haren zerrendaburuek ez dute lotura zuzenik hamarkadetan jasan dugun indarkeriarekin, edo Oldartzen ponentzia bultzatu zutenekin. Janzkera eta irudia zaintzen ikasi dute, eta azken urteetan kudeatu behar izan dituzten udaletan ardurak hartzeko prestutasuna eta gaitasuna dutela erakutsi dute. Horra haren arrakasta. 

Galtzaile nagusi bat ere badugu: EAJ. Webgune digital batean irakurrita, alderdiak agindutako galdeketa baten arabera, herritarrok hartzen diogun klientelismo kutsua arazo bihurtu zaio. Bada oso hedatua dagoen beste uste bat: bizkaitarrismoa;horrek azal ditzake herrialde hartatik kanpo lortu dituen emaitza eskasak.

Baieztatu ala ezeztatu egingo al digute hori guztia uztailaren 23koek?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak