Onaro, onurak eta gabeziak

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2022ko api. 2a, 00:00

Asko itxoin behar izan dugu gure auzoan –San Martin– Onaroren – Oñatiko udal operadore berria– eskaintza iritsi zaigun arte. Bebarru bakoitzeko ordezkari hautatuaren lana ezinbestekoa izan da bidean aurrera egiteko. Gehienok eskaintzarekin bat egitea erabaki dugu, itsu-itsuan, operadore berriaren esperientzia eta kaudimena kontuan hartu gabe, eta egin beharreko inbertsioen kostua gure poltsikotik aurreratuz. Antza, nahiago dugu herriko udal-operadore bat bultzatu, sozietate anonimo bateko administrazio kontseiluetako kideen poltsikoak gizentzen jarraitu baino.

Eremu geografiko mugatua duten zerbitzuetan, komunikazio formala bezain garrantzitsua izaten da ahoz ahokoa. Bezero berrien gogobetetasuna balizkoekin partekatzea. Zaila da lagunei eta beste herritarrei zerbitzu berriaren onurak azaltzea komunikazio formalak kale egiten duenean; onaro.eus-era albiste bila jota ere, informazio komertziala baino ez dugu aurkitzen. Ezer ere ez hedapenari edo urteko helburuei buruz. Ezta zerbitzu berriaren misio edo ikusmiraz. Informazio ekonomikoa ezagutu nahi izanez gero, berriz, Merkaoñako aurrekontuetara jo beharko dugu, 2022rako 272.850 euroko fakturazioa aurreikusten duela jakiteko. Informazio honekin ez da harritzekoa operadore beharrean dagoen laguna ezin konbentzitu izatea Onarorekin kontratua egin dezan.

Oñatiko Udalak 1.113.156 euro jasotzea espero du mozkin gisa sare elektriko propiotik 2022an: urteko sarrera guztien %6. Gehitu operadore berriaren aurrekontuak, eta zenbaki garrantzitsuez ari gara. Debagoiendarrok ondo moldatzen omen gara ekoizpen kontuetan, baina trakets komunikaziokoetan. Ez legoke gaizki, kasu honetan ere, webgune korporatibo sendo batzuk garatzea bi egitasmo hauek sortzen duten informazio esanguratsua oñatiarren esku jartzeko. Opakotasun inkontzientetik gardentasun arduratsurako jauzia ematea bezain sinplea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak