Espainiako Gorteetako azokan

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2021ko aza. 20a, 00:00

Hasi da Espainiako Gorteetan ohikoa den urteko aurrekontuen azoka. Era guztietako artikuluak saltzen dira. Arazoa, erosleak aurkitzea truke-merkatuan. Saltzaile nagusiak urteko aurrekontuak jartzen ditu erakusleihoan, eta erosleek, aurrekontuetan nahi dituzten aldaketez gain, hainbat legetako artikuluak aldatzea eskatu ohi dute, demokrazian beharko litzatekeen eztabaida politikoaren galbahetik pasatu gabe.

Tratulari guztiek ez dute zori bera izaten, eta batzuek ez dute lortzen euren merkantzia gehiengoaren edukiontzian sartzerik. Kasu horietan, bozgorailu garrantzitsu bat izan ohi dute euren aldarrikapenen argazki bat lortzeko. Oposizioko alderdi nagusiak, adibidez, 2.088 emendakin aurkeztu omen ditu, ez gehiago ez gutxiago, salbuespenak salbuespen, guztiak zakarrontziak irensteko patu tristearekin. Horien artean, batek eskatzen du funts publikorik ez dadila bideratu euren kideen artean terrorismoagatik zigortuak dituzten alderdietara. Seguru asko, emendakina baztertua izango da, baina PPk tematuta dabilen argazkia lortuko du.

Aurrekoa pentsaera molde baten adierazgarri garbia bada, bitxien kutxan sartu beharko dugu, Hego Euskal Herriko alderdi bozkatuenak, betiere, hedabideetan irakurri dugunez, futbol talde kuttunenaren zuzendaritzako kide edo kidegaiek orain arte aurkeztu behar zituzten berme ekonomikoak aurrerantzean aurkeztu beharrik ez dezaten izan proposatzen duen emendakina.

Interes orokorreko gaia behar du izan, nahiz eta batzuek horrela ikusi ez. Antza, Kirolaren Legea zaharkituta geratu denez, eta laster tramite parlamentarioan berria eztabaidatuko denez, artikulu hau azoka honetan trukatzea egoki dela iritzi diote emendakinaren aurkezleek. Atzeko atetik, baina botoen indarrez. Betiere, legearen barruan, noski.

Izango dira, bada, gai hau baino garrantzitsuagoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak