Haitik larrutik ordaindu behar izan zuen independentzia nahia 1825ean, Frantziak orduko bere BPGa halako %300 ordainarazi baitzion, frantziar lur-jabeei esklaboen jabetza galtzearen kalte-ordain gisa. Afganistan, aldiz, kanpo esku hartzearen mendean bizi izan da sortu zenetik. Britainiarrak lehenengo, Errusia gero, talibanak ondoren –gogoan izan AEBen eta Saudi Arabiaren dirulaguntzaz osatutako indar militarrak Pakistango madrasetan hezi zirela–, AEBek lideratutako koalizioa azken 20 urteetan eta talibanak berriro. Seguru asko, kanpo esku-hartzea ez da izango estatu bi hauen txirotasunaren arrazoi bakarra, baina ezin uka arrazoi erabakigarria izan dela atzerritarren okupazioa.
Afganistanen berriki gertatuak berriro ekartzen du ohiko galdera gure eztabaidaguneetara. Zilegi al da erregimen tiraniko bat ezabatzeko helburuarekin herrialde bat inbaditzea? Eta baldin bada, noren esku dago zilegitasuna, eta zeintzuk dira aktore horrek bere gain hartzen dituen konpromisoak?
Ez dirudi 20 urteko okupazioaren ondoren estatua lehengo agintaritza beraren esku uztea, AEBei egindako balizko promes moduko baten truke, oso jokaldi garbia denik, baina ez gintuzke harritu behar; izan ere, ze funtsezko desberdintasun dago Afganistango erregimen berriaren eta Saudi Arabiako edota petroliodun emirerrietakoen artean?
Honetan guztian tristeena AEBen kolaboratzaile europarrek jokatutako mezalagun papera izan da. Ez ote da izango ondo kokatuta egotea komeni zaiela era daitekeen Txina-Pakistan-Afganistan lankidetza ekonomikorako gune politiko berriaren aurrean. Ikusiko. Hala ere!